Bide-Argiak Jardunaldia: Euskalgintza, feminismoa eta iraunkortasuna eraldaketa sozialerako

Bide-Argiak Jardunaldia: Euskalgintza, feminismoa eta iraunkortasuna eraldaketa sozialerako


Eraldaketa sozialarena esparru zabala da. Bertan lanean ari garenok, galduko ez bagara, heldulekuak behar ditugu, norabidea adieraziko diguten seinaleak. Bestela esanda, eraldaketa-prozesuen bidean lagunduko diguten bide-argiak behar ditugu. Eta, hona hemen funtsezko hiru bide-argi: euskalgintza eta hizkuntza gutxituen berreskurapen-prozesuak, feminismoa eta genero-berdintasunaren esparrua, eta ingurumena eta iraunkortasunaren arloa, beti ere planetaren eta baliabideen mugen ikuspuntutik.

Hainbat eta hainbat ditugu gizartea eraldatzeko lanean ari diren eragileak, izan herri ekimeneko, izan pribatu, izan publiko. Gorbeialdeko Kuadrillan ere hala ari gara. Goian aipatutako hiru zeharlerroek gizartearen eraldaketa- eta eraberritze-prozesuan izan dezaketen (edo izan behar luketen) papera jorratu nahi dugu jardunaldi honetan: non eta noiz egiten duten bat, nola lagundu dezaketen elkar, zer modutara argitu diezaioketen elkarri eraldaketarako bidea. 

Jardunaldi hau Gorbeialdeko Kuadrillako euskara, ingurumen eta berdintasun arloek antolatu dute. Euskara hutsean izango da.

AINHOA OLASO

1996an jaiotako durangarra. Batxilergoan Ernai gazte antolakundean hasi zen militatzen eta ordutik herri mugimenduetan dabil, gaztetxean, Bilgune Feministan... Ikus entzunezko komunikazio gradua ikasi zuen EHUn eta ondoren Larrotxenen zinema kurtsoak egin zituen. 

2018an EIder Rodriguezen narrazio batean oinarritutako film laburra egin zuen. Orain ere beste proiektu bat makinatzen dabil. Sasi musikaria ere bada, talde bat dauka beste hiru lagunekin batera. Haurrak zaintzen, hostalaritzan eta bideokamaren atzean aritu izan da lanean Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan komunikazio arduraduna izan zen arte. 2020ko irailetik Bilgune Feministan komunikazioan eta Emakumeen Mundu Martxako plataforman dabil besteak beste.

 LOREA AGIRRE

1968an jaiotako beasaindarra. Kazetaria eta antropologoa formazioz, euskalgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa. Euskaldunon Egunkarian aritu zen lanean, eta garai hartako lekuko bizi modura osatu zituen, besteak beste, egunkariaren itxierari buruzko “Gezurra ari du” eta Joxemi Zumalaberi buruzko liburuak. Euskalgintza bere jardunaren ardatz izatearen adierazle da, era berean, 2015eko Korrikarako idatzitako mezu gogoangarria, “Bagara nor” izenburuduna.

Jakin aldizkariaren zuzendari lanetan dabil azken urteotan. Bereziki nabarmentzekoa da, azken  aldi honetan, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko loturari buruz egindako lana, Idurre Eskisabelekin batera argitaratutako “Trikua esnatu da” liburuan jasotzen den moduan.

 MIKEL OTERO

1972an Alkizan jaiotakoa (Gipuzkoa). Militante ekologista eta gaur egun legebiltzarkidea. Fracking-aren aurkako herri mugimenduan murgilduta, Euskal Herri mailan ekologismoan izan diren bestelako aldarrikapenen eragiletako bat.

Gizartean ematen diren ezberdintasun sozialekin zein injustiziarekin konprometituta, gaur egun ekologismoaren erreferenteetako bat bilakatu da. Berez suhiltzailea da Mikel, eta nahiz eta historia eta filosofian ikasketak burutu dituen, gaur egun energia ereduaren eraldaketan oinarritzen du bere jarduna, jatorri berriztagarrietan oinarritutako eredu justu, duin eta demokratikoago bat publikoki aldarrikatuz eta defendatuz.

MODERATZAILEA: ANE ZUAZUBISKAR

1997an jaiotako arrasatearra. kazetaria eta bertsolaria. HUHEZIn ikasketak egin ondoren, Berrian aritu zen kazetari-lanetan. Une honetan, Euskadi Irratian dabil esatari.

SARRERAK HARTZEKO: https://entradium.com/events/bide-argiak-jardunaldia-euskalgintza-feminismoa-eta-iraunkortasuna-eraldaketa-sozialerako-estrategiak

Promoziorako bideoa: https://youtu.be/CQy2hg7dIA0

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital