Historiaurrea
Gorbeialdeko Koadrilaren historiari buruzko lehen berriak, eskualde honetan zehar sakabanaturik dauden zenbait aztarna arkeologikori esker izan ditugu, eta aztarna hauei esker dakigu gizakiak lurralde honetan noiztik dirauan bizi izaten.
Hauek, aro ezberdinen arabera, artzaintza, gotorleku txiki, kanpo eragin, sineskera erlijioso eta hileta errituei lotutako eszenatoki eta kultura ezberdinetara eta abarretara garamatzate.
- Historiaurrea (Paleolitikoa, Neolitikoa/Brontze-Aroa): tresneria litikoaren arrastoak, animalien hezurtzak, tumuluak eta dolmenak ondorengo lekuetan: Gibijo (Urkabustaiz), Arraldai (Zuia), Arrillor eta Kurtzebide (Zigoitia), Urrunaga (Legutio), Anbotoste (Aramaio), eta abar.
- Erromaniko aurrea (Brontze Aldia/Burdin Aldia): zeramikazko ostilamendua eta apaingarriak Oroko Haitzetan (Zuia), eta haitzuloetako pinturak Lazaldaien (Zuia).
Erromatar Garaia
Erromatarren agintealdian, Gorbeialdeko Koadrilaren lurretan Karistioen tribua bizi zen. Euskal etnia hau osatzen zuten tribukideak artzaintzan jardutetik bizi ziren.
Ikertzaileen arabera, erromatarren munduarekiko harremanak nahikoa baketsuak izan omen ziren, elkarren artean ohiturak eta kultura trukatzen baitzuten. Honi guztiari esker, oinarri-oinarrizko nekazaritza jarduera izatea lortu zuten, eta bertako jatorrizko hizkuntzak (euskara) eragina izan zuen eraikuntzetan eta beste arlo askotan. Zenbait toponimo ere badira, esaterako, Abornikano, Apregindana, Berrikano, Lukiano eta abar, itxuraz jatorri latinoa dutenak eta baserri-herriak adierazi edo aipatzen dituztenak.
Erromatarren inbasioaz geroztik, Europako bestelako herrialdeetatik etorritako herrien eragina (VI - VII mendeak: eraso germaniarrak) badirudi Lautada Arabarra deritzan eremura mugatzen dela, Aldaieta ingurura (Arratzua-Ubarrundia), hain zuzen ere. Leku honetan nekropoli zoragarri bat dago, interes handiko aztarna arkeologikoak gordetzen dituena.
Erdi Aroa
Arabiarren agintealdia
Hauxe dugu, hain zuzen ere, penintsulan arabiar agintealdia bideratzen hasten den unea, eta penintsularen iparraldearen kristautze berantiarra ere garai horretan gertatzen da. Penintsula musulmanen menpe bazegoen ere, penintsulako iparraldeko lurretan etengabeko aurkaketak gertatzen ziren herri autoktonoen eta gudaroste arabiarren artean. Gauzak horrela, Kordobako kalifatoak, aldiro-aldiro, espedizio militarrak bidaltzen zituen iparraldeko lurraldetara beraien agintea bertan indarrez ezarri eta finkatzeko asmoz.
Kronista arabiarrek hainbat berri utzi digute espedizio hauei buruz (azeifak). Aipagarrienetako bat Lautadan gertatu zen borrokaldia dugu (823. urtean), "suaren adoratzaileen mendiraino" ailegatu zena. Zenbait adituren aburuz aipatu borrokaldi hau Aizkorritik Gorbeiarainoko mendietan gertatu zen.
Garai honetatik aurrera, Arabako lurraldea dorrez eta gotorlekuz betetzen dute, hauen helburua bikoitza zelarik: arabiarren erasoaldien aurrean defentsa-sistema bat izatea eta merkataritza-bideak kontrolatuta izatea. Hartaraino zen hau honela, ezen Arabiarrek beraiek ere Arabako lurraldeaz mintzatzen zirenean "Alaba eta Al-Quile" legez aipatzen zuten (Araba eta Gazteluak).
Leinuak
Musulmanen arrisku aldia igaro zenean, indar hartzen hasi ziren tokiko botere-talde batzuk, alegia, gerora lurralde arabarrean tradizio handiko eta ospe handiko familiak izango zirenak. Gauzak horrela, garai honetan zehar, gaur Araba legez ezagutzen dugun lurraldean "jauntxoek" agintzen zuten, izan ere, beraiena baitzen botere politikoa.
Jauregi txikien jabe ziren, beraien agintepeko lur eta nekazariak zituztelarik. Batik bat, euren lurretatik igarotzen ziren merkataritza-bideetan baliatzen ziren euren botereaz, aipatu bideek irabazi handiak ekartzen baitzizkieten. Horregatik, toki estrategikoetan, euren bide eta lurrak babesteko, dorreak eta gotorlekuak eraiki zituzten euren familia-boterearen bermagarri legez.
Gorbeialdeko Koadrila osatzen duten lurretan, jadanik Goi Erdi Aroan bi merkataritza-bide antzematen ziren: Gasteiztik Deba Garaira zihoana (Gipuzkoa) Legutiotik eta Aramaiotik; eta herri honetatik Bizkaiko portuetara zihoazenak Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiztik. Testuinguru honetan, batik bat, bi ziren lur honetan agintzen zuten familia edo leinuak: Mendozatarrak, batetik, eta Guevaratarrak, bestetik, eta, jakina, elkarren aurka jarduten ziren biak. Tokiko familia txikien babesa zuten batzuek eta bestek. Horri esker, dorretxeak erruz ikus ditzakegu han-hemenka eskualde osoan, gaur egun balore historiko eta arkitektoniko handiko baserri itxuraz eraberrituta daudelarik: Zarate, Markina, Manurga, Olano...
Behe Erdi Aroan (XIV. mendetik aurrera) Legution Abendañotarrak eta Mugikatarrak Aramaion ospe handiko familia arabarren taldean sartzen dira. Ostera, Urkabustaizen, XII. mendetik aurrera, hirugarren leinu edo familia arabarrak agintzen zuen, Ayalatarrenak, alegia.
Ganboatarrak eta Oinaztarrak
Eskualde hau Erdi Aroan Gaztela eta Nafarroaren arteko mugaldea zenez, berau zen, hain zuzen ere, Erresuma bi hauek beraien nagusigoa defendatzeko erabiltzen zuten eszenatokia. Horrela, bada, Arabako jauntxoen artean, jatorriaren arabera, bi talde nabarmentzen ziren; bata, gaztelarrek osatzen zuten, Mendozatarrek (oinaztarrak) alegia, eta, bestea, nafarrek, Guevaratarrek (ganboatarrak).
Bertako familiek parte hartu zuten aurkaketa hauetan ia XVI. mendera arte.
Historialariek, oinaztarren eta ganboatarren arteko gatazka hauek Gorbeialdeko Koadrilaren lurretan (Murua eta Ullibarri-Ganboa) sortu zirela uste duten arren, denbora gutxian Euskal Herri osoko familia guztietara zabaldu zirelako ustea dago. Gauzak horrela, badirudi aipatu bi familia horien arteko aurkaketarik gogorrenak Gorbeialdeko lurretan izan zirela, aipagarrienak Arratoko mendizerrako bataila eta Brutoitarrek eta Abendañotarrek Aramaion eta Legution izan zituzten aurkaketak izan zirelarik, "Canto de Aramaiona" liburu ospetsuan kontatzen denez.
Elkarren aurka zeuden talde hauek indarra galduz joan ziren XIV. mendetik aurrera, erret hirien sorrera eta botere monarkikoaren eta Arabako Hermandadearen finkapenarekin.
Hiribilduen sorrera
Gaztela eta Nafarroako errege-erreginek, euren mugak, erregetza eta errentak bermatzeko asmoz, Arabako lurraldean barrena hiriak sortzeari ekin zioten. Hiri hauek beraien foruak zituzten, jauntxoen erabateko boterepetik at zirelarik. Gorbeialdeko Koadrilan, XIV. mende hasieran, Legutioko eta Zuiako Monreal (Murgia) hiriak sortzen dira.
Aldi berean, jauntxoen presioaren aurrean, Arabako Hermandadeak sortzen dira, 1463. urtean Arabako Hermandade Probintziala (gerora Junta Probintziala izango zena) eratzen delarik. Gorbeialdeko Koadrilako udalerri guztiek, Aramaio salbuetsita, Hermandade Nagusiaren kide izan genituen. Aramaio beranduago sartu zen Koadrilan, 1489. urtean hain zuzen ere. Horrez gero, aipatu udalerri guztiek jaurgo partikularren zein erregetzaren menpe jarraitu zuten.
1537an behin-betiko finkatuta geratzen dira sistema administratibo arabarra eta sei taldetan egiten den lurralde-zatiketa, berauek organo kudeatzaile bilakatzen direlarik Hermandadearen barruko gai fiskalei eta karguen hautaketari dagokienean. Beraien artean Gorbeialdeko Koadrila dugu, horrez geroztik lurralde-antolakuntza ezberdinak ezagutu izan dituelarik, gaur egun duenera iritsi arte.
XVI. mendea
Komuneroen matxinada
Eskualde honetan, XVI. mende hasieran, jauntxoen arteko liskarretatik eratorritako aurkaketa berriak izan ziren, honako honetan, erregetzaren boterearekin. Komuneroen matxinadaz mintzo gara. Gatazkarik garrantzitsuenetako bat Gorbeialdeko Koadrilan jazo zen. Duranan izan zen, 1521. urtean. Alde batetik, talde komuneroa zegoen, buruan Ayala jauna, Aguraingo kondea zuena, eta, bestetik, "erregetzaren boterea" zeritzana, Arabako diputatu nagusi Diego Martínezek defendatzen zuena. Garaile azken hau gertatu zen eta Diputazioak jauntxoek baino botere handiagoa eskuratu zuen.
Santiagorako bidea
Goi Erdi Aroan zehar, kristautzearen prozesua finkatuz doa Gorbeialdeko Koadrilaren lurralde osoan.
Garai hartako dokumentazioan adierazten denez, eliza eta monasterio txikiak izendatzen dira, Abezia, Etxaguen, Gojain, Urbina eta abarretan. "Reja de San Millán" izenpeko dokumentu famatua ere XI. mendekoa dugu. Bertan montasterio honi zergak ordaintzen zizkioten herri guztiak biltzen dira eta herrion artean eskualdeko herri asko eta asko azaltzen dira.
Kristau-tradizioak goraldi bat bizi du XI. mendetik aurrera, Santiagorako erromesaldian duelarik beronek bere jazoera garrantzitsuenetako bat.
Eskualdea ez dago fenomeno honetatik at, eta bere lurraldetik erromesaldirako bigarren mailako bide bat igarotzen da. Berau Deba Garaitik ateratzen da eta, Aramaio eta Legutiotik pasatu ondoren, Lautadako ibilbide nagusiarekin elkartzen da. Kristautasunak ingurune honetan bizi duen finkapena oso da nabarmena, batik bat, lurralde honetan erromanikoaz geroztik erruz azaltzen diren hainbat elizak orokorrean eskaintzen duten ondare arkitektoniko eta artistiko garrantzitsu eta oparoan.
Bestalde, XVI. mendetik aurrera, itsasoz bestaldeko lurrek Gorbeialdeko Koadrilako biztanleriarengan sortarazten zuten erakargarritasuna oso handia zen (batez ere, Amerikaren kasuan), eta bertatik pertsonalitate asko joan zen atzerriko herrietara, bereziki, administrazioaren eta erlijioaren arloan parte hartze eta ekimen garrantzitsuak izanik.
Aldi berean, Goi Erdi Arotik aurrera, lurralde honetako errota eta burdinolak dokumentatuta azaltzen dira. Honek argi adierazten du baliabide naturalen arloan aberatsa den eskualde hau zeharkatzen zuten merkataritza-bideei esker sortarazitako bestelako jarduera ekonomikoek duten garrantzia.
XIX. mendea
Independentziako gerra
Penintsulako inbasio napoleonikoarekin eta sistema liberalaren garaipenarekin, Gorbeialdeko Koadrilako lurraldeak elkarren segidako hainbat gerra jazoera bizi izan zituen XIX. mendetik aurrera.
Independentziako gerran, eskualde honek protagonismo estrategikoa izan zuen, Frantziara bidean ziren gudatalde frantziarrei itzultzera eragozteko eta eurengandik defendatzeko toki legez. Testuinguru honetan, gudatalde frantziarrak izan ziren lur hauetan ezarri ziren lehenak. Ondoren, gerrilak geratu ziren bertan eta, azkenik, gudatalde aliatuak.
Hau guztia tokiko biztanleentzat oso zama handia izan zen, soldaduen mantenuaz arduratu beharra baitzuten, kontzeju eta udalen diru-kutxak nabarmen kaltetuak suertatu zirelarik (ondare komunen besterenganaketak, uztak eta abar).
Bat ere zalantza gabe, Independentziako gerran gertatu zen gerra jazoera garrantzitsuenetako bat "Gasteizko bataila"z ezagutzen duguna izan zen (1813ko ekainaren 21). Gudaroste frantziarrek, justu erretiratzen ari zirelarik, Wellingtongo dukearen agintepean ziren gudaroste aliatuen erasoaldia jasan zuten. Girón dibisioak, 12.000 lagunetik gora zituelarik, eskualde osoa zeharkatu zuen, Urduñatik hasi eta Aiara arte, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiatik zehar, Longa dibisioarekin berriro bilduz, eta 20.000 lagunetik gorako gudataldea osatuz Gasteizen atari aurrean. Hemendik soldatu talde batek Durana herria hartu zuen frantziarrei Arlaban mendatetik Gipuzkoarako pasoa itxiz.
Gerrate karlistak
Eskualde honetako bizilagunak, Independentziako gerrak eragindako kalteak gainditzen hasi zirenerako, ondorio okerragoak ekarriko zituen beste gertakari beliko batean murgildurik aurkitu ziren berriz ere. Gerra karlistak ziren oraingoan.
Bai, lehenengo gerra karlistan (1833-1839), eta bai bigarrenean ere, eskualde honek karlisten eta liberalen arteko hainbat aurkaketa bizi izan zituen. Bertakoak, baserri eremuetan beti gertatu ohi den bezala, karlisten taldearen aldekoak ziren. Gertakizun beliko garrantzitsuenak ondorengo tokietan jazo ziren: Altube, Untza, Legutio, Arrazua, Aiurdin eta beste leku batzuetan. Bigarren gerra karlistan zehar, Aramaioko haranean preso hartu zuten "Santa Cruz Apaiz" gerlari karlista famatua.
Ezin hobeto dihardute burdinola berriek eta irin-errotek (Abornikano, La Encontrada...) XIX. mendetik aurrera, eta errepideak ere orduantxe eraikitzen dira, eskualde osoa zeharkatzen dutelarik lehen mailako igarobide legez. Horrela, bada, salmenta asko egiteko aukerak sortzen dira, mandazainak, merkatariak eta abar atenditzeko.
Euskararen eta Euskal Herriko tradizio eta ezaugarri etnografikoen ikerlari batzuek, zenbait azterlan egiten dituzte euskarak garai horretan bizi duen egoera ikertuz, XIX. mendearen bigarren zatian. Gorbeialdeko Koadrila, bere osotasunean, euskarak lurralde arabarrean duen azken gotorlekua dela esan daiteke. Eta egoera honek era horretan jarraitu du denbora luzez, Aramaio eta Legutio direlarik Araba osoan euskara egungo garaietara arte bizirik gorde duten udalerri bakarrak.
XX. mendea
Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila
Bigarren errepublikan zehar, Koadrilako udalerri gehientsuenak, abertzaletasunaren aldekoak dira (bereziki, Aramaio, Legutio eta Zuia) eta 1933 urteko erreferendumean Euskal Estatutuaren alde azaltzen dira, gainera.
1931tik 1936ra bitartean egindako gainontzeko erreferendumetan lurralde honetako jokaera politikoak, edo abertzaletasunaren aldekoak dira, edota Oriolek zuzentzen duen Comunión Tradicionalistaren aldekoak ditugu. Oriolek garai hartan Beluntzako Agirza landetxean (Urkabustaiz) zuen bizilekua.
Gerra Zibilean ere aurkaketa gogorrak izan ziren matxinatu edo altxatutako gudarostearen (frankistak) eta errepublikarraren artean. Errepublikarren taldeen buruzagitza abertzaleen esku zegoen.
Gerrateko frontea Urkabustaiz izeneko mendietatik hasi eta Gorbeiako mendipetara iristen zen, Legutioraino iritsiz. Horregatik, bada, Murgia eta Izarra bezalako lekuak altxatutakoen agintepean baziren ere, Zigoitia, Legutio eta Aramaioko herri guneak menderatzeko izugarrizko aurkaketak egin ziren.
Gerraostea eta oraina
50eko hamarkadaren ondoren eta, bereziki, Egonkortasun Planaren ostean (1959), eta orduko hazkunde ekonomikoa kontuan hartuta, eskualde osoan jende asko eta asko hirira doa bizi izaten, eta baserri aldeak, ostera, hutsik geratzen dira.
Udal buruak (Izarra, Legutio, Murgia) bakarrik hazten dira industria txikien ezarpenaren bultzadaz. Gauzak honela, eskualdeko ezaugarri eta izate sozio-ekonomikoa aldatuz doa. Nekazaritza eta abereen hazkuntzarako ustiategiak alde batera geratzen ari dira, industria eta zerbitzuak bezalako sektore ekonomikoen mesedetan.
Gaur egun, eskualdeak alderantzizko prozesua bizi du (hiri exodoa), eta egun goraldia bizi badu, hainbat arrazoigatik da: turismoarekin lotutako zerbitzuen garapenagatik, hiri-lurzoruaren eta industrialaren eskaera berriengatik, astialdiko jarduerengatik, naturarekiko kontaktuarekin eta abar. Oinarrizko sektorea geroz eta profesionalizatuagoa eta espezializatuagoa dugu, berau garrantzi eta ekarpen handia duen sektore bati lotuta baitago, nekazaritza eta elikaduraren sektoreari, alegia. (Idiazabalgo gazta, behi-okela, produktu deribatuak, eztia eta abar.).
Gainera, herri gune askotan industrialde txikiak bultzatu dira, eta hauek eskualdeko ekonomia sustatzea ekarri dute, ingurugiro-eragin urria eta euren ingurune zoragarriarekiko begirunea erakusten duten enpresa txiki eta ertainen laguntzaz.
Kuadrillaren EEP: berdintasun teknikaria. Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda ALHAOn argitaratzea
KULTURGURA 2024
Martxan da KULTURGURA lehiaketa!...
Mairuelegorreta LGEren Landa-Garapeneko Eskualdeko Programa (LGEP): INKESTA
Mairuelegorreta Landa Garapen ELkartea 2025-2030 Landa Garapenerako Eskualdeko Programa (LGP) definitzeko prozesuan mu...