Aramaiok gaur egun 25 baselizatik gora ditu inguru horretan sakabanatuta, ingurune horrek baselizaz baseliza ibilbide politak egiteko parada eskaintzen duelarik. Eurotako asko gaur egun jausita daude, baina, erdiak inguru, zutik daude, bertakoen gurketa-leku direlarik.
Oro har, eraikuntza sinpleak eta gehiegizko apaintasun artistikorik gabeak dira. Harlankaitzezko hesi handiak dituzte, inguruko baserrien antzera. Txikiak eta arkupe txikikoak dira. Haranean dioten debozio eta duen tradizioagatik, Ibarran dagoen Ibabeko Andra Maria baseliza aipatu beharra dugu, berau Gantzaga auzorako bidean dugularik. Ingurune ederrean dago kokatua eta XVI. mendean dago dokumentatua. Aramaioko haraneko Jauntxoen Kofradia bertakoa dugu, eta berari esker zaindu izan da baseliza hau eta eutsi izan zaio baseliza honen kultu eta tradizioari.
Inguru honetan tradiziorik gehien duen beste baseliza Marixekakoa dugu. Legutiotik Aramaiorako errepide ondotxoan dago, Krutzeta gainera heldu baino lehentxoago. XVI. mendean dago dokumentatua, baina konponketa asko bizi izan ditu. Gerrate zibilean, esate baterako, hondatuta geratu zen. Egungo baseliza (hirugarren konponketa) 1981ekoa dugu. Bertako erromeria irailaren lehenengo igandean ospatzen da, haraneko jendetsuenetako bat delarik. Ospakizun horretako ekitaldien artean, bertako folklorearen gauza ohikoenak ditugu: dantzak, bertsolariak, herri-kirolak eta abar.
San Kristobaleko baseliza haraneko ezagunenetako beste bat dugu eta izen bereko mendian dago, Krutzeta gainetik hurbil. San Kristobalekiko gurtza eta festa XVI. mendearen erdialdetik dago dokumentatua. Landa eder batean dago berau eta ikuspegi zoragarriak ditu haran osoa ikusten baita bertatik. Bertako erromeria uztailaren bigarren igandean ospatzen da, hainbat ekitaldirekin: herri-musika, dantzaldiak, kirolak, herri-jana eta abar.
Arangioko tontor guztiek Aramaioko haranaren eta Urkiolako Parke Naturalaren ikuspegi zoragarriak eskaintzen badizkigute, Krutzeta gainean ere, errepide ondoan, inguru honek dituen sarbide eta kokaera estrategikoagatik, begiratoki bat egokitu da. Bertatik haran osoa eta bere baserri inguru ederra ikusteko aukera dugu, harana inguratzen Arangioko mendizerrako tontorrak direlarik.
Tradizioak dinoskunez, Alfonso XIIIgarrena erregea, 1905. urtean haran honetara etorri omen zen bere irakasle Fco. de Paula Arrillaga y Garro bisitatzera, eta harrituta geratu omen zen bertan ikusi zuen paisajearekin eta Alpeko paisajeekin konparatu omen zuen inguru hau, Aramaioko haranak "Suiza txiki" baten antza zuela esanez. Harez gero, kalifikatibo hau bertako biztanleriaren artean zabaldu eta ezaguna egin zen.
Udalerriak bi atseden gune ditu, inguru ezin ederragoan kokatuta daudelarik biak: Marixekako parkea, Albinako urtegiaren ondoan dagoena eta izen bereko baseliza; eta Ibabeko Andra Mariko baselizarena, Ibarran dagoena.
Kuadrillaren EEP: berdintasun teknikaria. Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda ALHAOn argitaratzea
KULTURGURA 2024
Martxan da KULTURGURA lehiaketa!...
Mairuelegorreta LGEren Landa-Garapeneko Eskualdeko Programa (LGEP): INKESTA
Mairuelegorreta Landa Garapen ELkartea 2025-2030 Landa Garapenerako Eskualdeko Programa (LGP) definitzeko prozesuan mu...