Deskribapena

Azalerari dagokionez, Gorbeialdeko Kuadrillako udalerririk txikiena dugu berau (46 Km2). Azalera honen zati handi bat urez estali zen 50. hamarkadaren hasieran, Urrunagako urtegia sortzeko (Santa Engrazia edo Legutiokoa ere deitzen zaio). Urtegi honek gaur egun urez hornitzen ditu Vitoria-Gasteizko eta Bilboko hiriguneak.

Inguru honen topografiak -berau sakan bat zenez, mendiz inguratua (Arlaban/Jarindo eta Albertia, Motxotegi, eta Oketa eta bere inguruak)- gauzak errazagoak egin zituen urtegi hau eraikitzerakoan. Urtegi honek Undebe eta Urkiola ibaien urak jasotzen ditu. Undebe ibaiak Gorbeia inguruan du sorlekua eta Urkiola ibaiak, ordea, berak izena ematen dion santutegitik hur du bere jaio-lekua.

Urtegi honek ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu, bereziki, urtegien iparraldean diren zuhaizti handi eta ederrei esker (Motxotegi inguruan (811 m.) eta Tantaibakar izeneko mendoitzaren inguruan (736 m.) diren pagadi eta hariztiak), eta baita urtegi osoa hegoaldeko muturretatik inguraturik duten belardiei esker ere, zeinak harizti eta amezti txikiz zirripristinduta dauden. Albertiako mendia ere (868 m.), Legutioko herriaren mendebaldean dagoena, hariztiz, ameztiz, pagadiz eta pinudiz osaturiko mosaiko ederra dugu.

Urtegiaren "kostaldeko" bazterrak ihi-larrak ditugu eta bertan ur hegazti ugari eta interesgarriak bizi dira, bertan aurkitu baitute euren bizileku edo habitata. Urtegietan ere aipatzekoa da bertako uretan bizi den arrain-fauna, arrantzan bertara joaten direnen zorionerako.

Urtegiak egiteko erabilitako baserri-lurren okupazioak bere garaian udalerriko nekazaritza jardueren beherakada nabarmena eragin zuen, eta gaur egun ere, Aramaiorekin batera, oinarrizko sektorean biztanle landun gutxien dituen udalerria dugu berau. Hala eta guztiz ere, Legution bada esne-behien ustiapen garrantzitsurik eta nekazaritza alorrean ere eutsi egiten zaio maila batean jarduera mota honi, garia, artoa eta garagarraren landaketekin eta, bereziki, abelburuentzako bazkaguneen eta larreen lanketa eta zainketarekin.

Udalerriko sektore ekonomikorik garrantzitsuena industria dugu, zalantza barik. Legutiok lurraldeko industrialderik garrantzitsuenetako bat dauka, Goiaingo industrialdea, alegia. 100 enpresatik gora dira bertan, 3 milioi m2 tik gorako azalera batean, eta ehundaka langile dira bertan lanean, gehienak Gasteiztik eta albo herrietatik etorritakoak. Eta Legutioko herriaren ondotxoan ere beste industrialde txiki bat dugu.

Zerbitzuen sektoreak, bere aldetik, bultzada handia jaso du urtegiari esker. Ingurune honen kalitate paisajistikoak erraztu egin du jolas-eremuak, atseden-lekuak, nazioarteko estropada-eremua, arrantza-esparruak eta abarrak bertan sortzea. Eta, aldi berean, jarduera hauek guztiak ere hotel, ostatu, jatetxe eta antzeko zerbitzuen sustatzea eragin dute. Horri guztiari esker, Legutiok bere kaleetan hainbat taberna-jatetxe ditu, baina udalerriko beste toki batzuetan ere sortu dira zerbitzu hauek: hotela eta nekazal-turismoa Elosun, jatetxea-mariskeria Urrunagan, Eltzegintzako Museo-Tailerra Olleriasen, Larrabea Golf Kluba, eta abar.

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital