Zuia da historian zehar Kuadrillari izena eman dion udalerria eta Murgia entitate honen administrazioburua, izan ere, Zuiako hiriburua da-eta. Guztira 123 km2 ditu eta eskualdeko udalerririk handiena da.
Bere mugetan Gorbeiako mendigunearen zati handi bat datza, gailurrik garrantzitsuenak bertan direlarik: Gorbeia 1.482 m.; Nafakorta 1.017 m.; Burbona, 932 m.; Berretin 1.226 m.. Bertan dute sorlekua, gainera, Baias ibaiak, Larreakortak, Ugaldek eta abarrek.... Ibaiok euren uren joanean (Ipar-Hego norabidean) Zuiako haranaren barreneraino, hots, Baias ibaiaren ingururaino heltzen diren arro zorrotz ugari landu dituzte haitzetan.
Nahiz eta Gorbeiako jatorrizko begetazioaren hein handi bat ebakia izan den (bertan gaur egun txilarrak eta pinuak daude landatuta), oraindik pagadi eder eta zoragarriak daude Berretinen (Larreakorta), Arlobin eta Ilunben; eta Ugalde ibaiaren trokan ere (Aldamiz, Arazo, Berretinen hegoekialdean...) amezti handi bat dago; bai eta haltzadi eremu bat ere Baias ibaiaren ertzean. Baina, ezbairik gabe, ondoen jagonda dagoen ingurua Altubeko pagadia da, Zuiaren inguru horretan, Burbonatik jaisten diren trokaren inguruan hazi eta handituz joan dena: Bortal/Rekandi deritzona eta Katxandianokoa.
Zuiako haranean, Baias ibairen inguruan (Bitorianon, Ametzagan, Lukianoraino eta Giliernan Basubitxi eta San Fauston) harizti zoragarriek ikus ditzakegu oraindik. Berauek uhartetxoen antzera dagoz bananduta euren tartean Zuiako haran osoa okupatzen duten landa-eremu handiak direlarik.
Oro/Atxabaleko Haitzek (896 m.) eta Ganaltok (Badaiako mendizerra, 900 m.) bukaera ematen diote Zuiako haranari eta euren mendi-lepo ederretan pagadi eta harizti eremuak ikus daitezke han-hemenka. Inguru honek ikuspegi benetan ederrak ditu, batez ere, Oro inguruan, eta interes botaniko, geologiko (Karezko uhartetxoa Murgiako inguru diapirikoan) eta artistiko (Oroko santutegia) handiko guneak dira, gainera.
Eskualdearen gainerako lekuetan bezala, abere hazkuntza eta basogintza izan dira inguru horretan beti nabarmendu izan diren jarduera ekonomikoak. Ardi eta idi ustiapenik ere bada oraindik inguru horretan, nahiz eta gaur egun inguru horretako jarduera garrantzitsuenen artean ezin sar daitezkeen ustiapen mota hauek. Eurotako batzuetan (Markina eta Sarria) Idiazabalgo gaztak egiten dira. Erlezaintzak ere geroz eta garrantzi handigoa hartzen dihardu ezti eta eratorrien ekoizpenarekin eta Murgian dagoen Eztiaren Museoaren bultzada eta laguntzarekin.
Sektore industriala Murgiako eta Islarrako industrialdeetan dago kokatua (A-68 autobide ondoan), guztira 100.000 m2 tik gorako lur industriala dagoelarik bertan. Zalantza barik zerbitzuak dira Zuiako sektore garrantzitsuenak. Turismoak izan duen bultzadak eta naturan murgildurik egitekoak diren kirol-jolas jardueren gora egiteak sektore honi bultz egitea lortu du tradizio turistiko handiko udalerri honetan. Murgia zerbitzu-eremu bilakatu da eta bere jardute-eremua udalerriaren mugez haraindikoa dugu. Bertan eskaintzen dira, besteak beste, hainbat denda, tabernak, jatetxeak, hotelak, kirodelgia, zerbitzu teknikoak, turismo-bulegoa eta abar zerbitzu.
Dena den, haraneko beste herri batzuk ere eskaintzen dute mota horretako zerbitzurik: nekazal-turismoak (Markina eta Sarria), tabernak-jatetxeak (Ametzaga, Bitoriano eta Sarria), Altuben dagoen Zuiako Golf Kluba, zerbitzuguneak autobidean (jatetxea eta hotela Altuben), eta abar.
Kuadrillaren EEPa: Dokumentazioa zuzentzeko errekerimendua. Berdintasun teknikariaren plaza
Mintzalaguna: "Eta euskaraz egiten badugu?"
Gorbeialdeko Kuadrillak urteroko deialdia jarri du martxan, eskualdeko mintzalagun edo gurasolagun taldeetan parte hartze...
EKINTZAILETZA laguntzeko programa 2024 - URRIAREN 18ra arte
Negozio-ideia bat duzu eta Laguntza behar duzu garatzeko edo abian jartzeko?...