Informazio turistikoa

Albertiako Mendia

Naturak egindako begiratoki eder honetatik, ikuspegi zoragarriak dira, bertatik Urrunaga, Albina eta Zadorrako urtegiak ikusten direlarik. Legutiotik igotzen da bertara eta mendiaren eguzkibegian sartuz batera, haritzen itzalpean pasealeku polit batean sartzen gara tontorrera igo arte (868m.)

Beronen iparreko mendialdean pagadi eder bat dugu, eta bertatik Jarindo deritzan mendirantza (896 m.) jaitsi gaitezke, gero bertatik, Albinako urtegi bazterretik joanda, berriro Legutiora iristeko.

Gerra zibilean, aipatu bi mendi hauetan Euskal Herrian inoiz gertatu den aurkaketa edo borrokaldi bortitzenetako bat izan zen. Euskal abertzaleen gotorlekua zen berau, eta horrez geroztik, urtez-urte ekitaldi bat ospatzen dute bertan hildakoak gogoratzeko.

Eltzegintzako museo-tailerra

Legutioko herritik Ubide/Barazar mendatea/Bilbao norabiderantza joz, Olleriasen, errepide albotxoan, Eltzegintzako Museo-Tailerra dugu. Ollerias baserri sakabanatu batzuk osatzen dute.

Antzinako euskal keramikazko pieza batzuen erakusketa bat eta monumentu-historiko izendatuta dagoen XVII. mendeko labe bat ikus ditzakegu bertan. Bertan eraikinean eltzegintzako tailer eta denda bat daude irekita nahi duen guztiarentzat.

Iparralderantza goazela, hau da, Ubiderako bidea hartuz, joan gaitezela eskubitara Motxotegiko gailurra (811 m.) dago. Tontor hau leku irekia dugu eta txilarrez, otaxkaz eta iraz betea eta pagadi hostotsu batek inguratuta dago. Toki honetatik ederto ikusten dira Oketa eta Gorbeiako mendiak mendebaldean, eta urtegiak eta Urkiola mendia ipar-ekialdean. Bidetik bertatik joan daiteke bertara.

Larrabeako Golf Kluba

Larrabeako Golf Kluba Gorbeialdeko Kuadrillako inguru zoragarrienetako batean dago, Legutio ondoan. Iparraldetik Albertia mendiaren babespean dago eta bertatik goza daitezke hurbielan diren Urrunagako eta Ullibarri-Ganboako urtegietako ikuspegi zoragarriak.

Bertako inguru naturala aprobetxatuz eta bere xarma errespetatuz diseinatua eta eraikia dugu 18 zuloko ibilbide hau. Ibilbide osoa baso, ibai eta larre artetik doa, golfaria paisaje natural zoragarri eta edertasun paregabean murgiltzen duelarik.

  • Telefonoa: 945 46 54 82
  • Denda: 945 46 54 85

Aisialdia

Urtegiek bultzada handia eman diote inguru honetan astialdi, kirol, lasaitasun eta abarrekin lotutako hainbat jarduerari. Urtegiaren iparraldean, Nazioarteko Estropada Eremua dugu, aldi berean, Estropada Eskola ere badena.

Urtegiaren ertzean bertan parketxo bi egokitu ditu Arabako Foru Aldundiak: Sorgin-mendi izenekoa Urrunagan eta Zabalain Legution. Espazio hauek mahai batzuk, burduntzitegiak eta hondartza-gune txiki bana dute.

Ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak Elosu, Urrunaga eta Legution bertan dira (hotela, landetxeak, nekazal-turismoa, tabernak eta jatetxeak).

Legution, herriaren irteeran begiratoki bat egokitu dute, urtegiak Gorbeiara begira eskaintzen dituen ikuspegi zoragarriez gozatzeko. Begiratoki honen izena Kanterarreta da.

Goiain eta Urrunagako herrietan ere bada ondare erromanikorik. Aipagarrienak Andra Mariaren baseliza (Goiain) eta S. Juan Bataiatzailearen parrokia (Urrunaga) dira.

  • Nazioarteko Estropada Eremuaren telefonoa: 945 45 54 48
BONOOROKORRA covid19 empresa gida

Agenda

Fundacion Vital