Deskribapena

Arratzua-Ubarrundia, biztanle kopuruari dagokionez, Gorbeialdeko Kuadrillako udalerririk txikiena dugu. Legutioren antzean, udalerri honen azalera ere urria da (57 Km2) eta udalerri honen zati handi bat Zadorrako (edo Ullibarri-Ganboa) urtegiaren urek estalita dago. 1947an eraikia dugu, Zadorra ibaiaren urtza erregulatzen du (lurraldeko luzeena eta urtsuena), Bilboko eta Vitoria-Gasteizko hiriguneak urez eta elektrizitatez hornitzen ditu, eta astialdi, itsas kirol, atseden leku eta antzeko jarduerei dagokienez ere punta-puntako erreferentzia bilakatu da.

Udalerri honek paisaje mota erabat ezberdinak ditu; Hegoalderen dagoen gunea, hau da, populazio-gune gehientsuenak dauden aldea (Durana, 541 m.) Lautada arabarra dugu bete-betean, eta horregatik bere topografia laua denez, honek guztiak landaketa-eremu handiak sortzen lagundu du.

Urtegiaren inguruan garaiera gutxiko gainetxoak ditugu (Urbina, 698 m., Santa Cruz, 697 m., Iturriaga, 625 m.), eta hauek, batik bat, uharte hostotsuak bailiran (ameztiak), urtegiaren hegoaldean daude sakabanaturik, sasitza gune handiez inguratuta (ipurudiak ziritxoekin).

Urtegien iparraldean abelburuak elikatzeko erabiltzen diren landa berde eder batzuk dira. Ingurune hau Elgeako mendizerratik (Arlaban mendiak) oso hurbil dago eta bertatik aurrerako topografia erabat aldatzen da, medizerraren atarian bagina bezala.

Kilometro gutxitan, 550 m.ko garaieratik (Landa, 555 m.) berehala igaro gaitezke Usokoiatza (912 m.), Arkamo (875 m.) eta Isuskitza (800 m.) tontorretara; eta belardi-eremuetatik behingoan igaro gaitezke pagadi eta eta harizti txikiz zirripristindutako konifera-baso berrituak dauden eremuetara. Urtegia eraiki zenean, patata, arto eta beste zereal batzuen landaketan erabiltzen ziren nekazaritzako azalera handiak urperatu ziren, eta honek guztiak aldaketa handia ekarri zuen udalerriaren ekonomian: ustiategi batzuk nekazaritza jardueren arlora egokitu eta berbideratu beharra izan zen, eta nekazaritza sektoreko biztanle landunen kopurua ere nabarmen murriztu zen. Hori horrela izan arren, gaur egun ere, sektore honek, batetik, hegoaldeko nekazaritzarekin eta, bestetik, iparraldeko abeltzaintzarekin, garrantzi handia du inguru horretan, izan ere, Urkabustaizekin batera, berau baita eskualde osoan jarduera hau gehien garatu duen udalerria. Eta berau bi sarbide garrantzitsurekin Goiain eta Deba-Goikoako industrialdeekin eta Agurainerako N-1 errepidearekin komunikatuta egotean, herrian industria txikiak sortuz joan dira han-hemenka (industriaguneak osatzera iritsi barik), herriko biztanleriaren zati handi batek bertan lana aurkitu duelarik. Baina, zalantzarik gabe, zerbitzuen sektorea izan zen, urtegien eraikuntzatik eta atseden leku izateak ematen dion erakargarritasunetik onurarik gehien jaso zuen sektorea. Klub nautikoa, atseden lekuak, Zuazako aterpetxe-uhartea, bainuguneak edota Vitoria-Gasteiztik bizikletan joateko ibilbidea eraiki zirenetik, inguru horretako arreta eta atseden zerbitzuek udalerriaren aldeko jarduera garrantzitsuak garatu eta sortu dituzte, eta zerbitzu hauei guztiei Ullibarri-Ganboa, Landa, Medibil eta Duranan diren jatetxe mordoa gehitu behar zaie.

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital