Manifestua: maiatzak 17 LGTBIfobiaren Aurkako Eguna

MANIFESTUA

Maiatzak 17: LGTBIfobiaren AURKAKO EGUNA

Gorbeialdeko Kuadrillak Berdindu zerbitzuak LGTBIQ+ mugimenduarekin batera sortutako maiatzak 17rako manifestuarekin bat egiten du:

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Ordutik, maiatzaren 17ak oso balio esanguratsua du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, kolektibo horrek gaur egun aurre egin behar dion diskriminazioaren aurkako eta eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzailea da eta.

Aurten, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinaturik geratu behar garenez, ezin izango da kalera irten manifestatzera, baina, berdin jarraituko dugu salatzen sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; izan ere, ILGA txostenaren arabera, sexu orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du ehunka biktima hil direla, gay, lesbiana eta transexualak izateagatik.

Ezin dugu ahaztu, halaber, herrialde askotan LGTBI komunitateak diskriminazioari aurre egin behar diola mediku arreta jasotzeko orduan, Human Rights Watchek dokumentatu duen bezala. Diskriminazio horrek hainbat gaixotasun kronikoren arretan eragin dezake, eta, ondorioz, LGTBI pertsonak gaixotasun larriak izateko edo COVID-19ren ondorioz hiltzeko arriskuan egon daitezke bereziki.

Gorbeialdeko Kuadrillatik maiatzaren 17an, Euskal Herri inklusiboa aldarrikatu nahi dugu, gizarte zaintzaile eta proaktiboa, LGTBI kolektiboak oraindik aurre egin behar dien diskriminazio planoen aurkako borrokan eta eskubideak lortzearen alde ahaleginak batuko dituena.

Aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren bermatzaile izango den Euskal Herria, hizpide dugun eremuan ulertu beharrekoa, baina, bistan denez, baita osotasunean ere.

Uste dugu gizarte eragile guztien zeregina dela gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzea, gure lan agendetan LGTBI kolektiboarekiko konpromiso esplizituak hartuz, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen aurkako borrokan aurrera egin dezagun.

Ulertzen dugu estatuen lehentasuna COVID-19ren gaia dela eta haren ondorioak lantzea da, baina Gorbeialdeko Kuadrillatik ere jarraituko dugu LGBTI pertsonen eta haien ingurunearen ondoan, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz, pertsona guztientzat berdintasuna eta askatasuna lortu arte.

Era berean, dei egiten die herritarrei erakundeek eta Arabako kolektiboek, maiatzaren 17aren inguruan deitzen dituzten jardueretan parte har dezaten, COVID-19ak elkarbizitzaren egungo inguruabarrak kontuan hartuta.

Murgian, 2020ko maiatzaren 15an

Kuadrillako Presidentea

Agustin Otsoa Eribeko Landa

KONPROMISOTIK

Agenda

Fundacion Vital