• Hemen zaude:

  • Inicio

  • Lehendakariaren ebazpena- Emakumeen Nazioarteko Eguna

Lehendakariaren ebazpena- Emakumeen Nazioarteko Eguna

LEHENDAKARITZAREN EBAZPENA

Gorbeialdeko Kuadrillaren egoitzan, Murgian, 2019ko otsailaren 19an 12:00ak izanda, XABIER ÁLVAREZ DE ARKAYA, lehendakariak, Juan Mª Ezkurdia Salazar gerente-letraduaren laguntzarekin, honako ebazpena hartu zuen:

 MARTXOAK 8- EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Martxoaren 8an, berriz ere mundua gelditu egingo da eta kaleak hartuko ditugu

Iraultza feminista bizitzako esparru guztietan kokatu behar da, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, egungo kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta emakumeok*[1], bollerek eta transek jasaten jarraitzen ditugun zapalkuntzen aurrean. Egungo gizon eta emakume kategoria patriarkalekin ere amaituz.

Errealitate horren aurrean, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatu behar dugu, non politika publikoak zeharkako ardatza diren, pertsonen zaintza ez dadin zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Ekitate erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoak egin behar dira. Horretarako, gizonek maila guztietan bere gain hartu behar dute dagozkien zaintzen ardura.

Zeri egiten diogu planto?

  • Kapitalismoari planto: sistemaren lan oinarrian soldatarik gabe emakumeok* egiten ditugun zaintza lanak daude, gure lan orduak amaiezinak izanik.
  • Patriarkatuari planto: Botere sistema bat da, hau da, “gizon” bezala eraikiak izan direnen gobernua “emakume” bezala eraikiak garenon dominazioaren bitartez egituratuta. Esfera guztietan erlazio hierarkikoak sortuz.
  • Heteroarauari planto: heterosexualitatea sistemaren estruktura bat gehiago dugu, arauaren bazterrean kokatzen garenok LGTBIQ+ fobiaren bitartez zigortuz.
  • Kolonialismoari planto: herrien asimilazio historikoaren bitartez, pribilegio sistema bat ezarri da, arrazan, ideietan, ezagutzan, hizkuntzetan, generoetan… bazterketak eraginez.
  • Kapazitismoari planto: aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzen dituen eta ez-gaitu bezala eraikitzen dituen diskriminazio modua dugu. Gorputz ahaldun eta ez ahaldun, ekoizle eta ez ekoizleen arteko binomio bat sortuz.

Arrazoi horiengatik, martxoak 8ko greba feministarekin bat egiten dugu.

Gorbeialdeko emakumeok* aurtengo martxoaren 8rako eta aurreko egunetarako hainbat ekintza antolatu ditugu eta horietara gonbidatu nahi zaituztegu. Udalerrietako bakartasuna gaindituz eta indarrak batuz berriz ere Gorbeialdean jaioko den olatu feminista honetan.

Aurrekoa ikusita, idazki honen bidez ERABAKI DUT:

LEHENENGOA: Aurkeztutako testuarekin bat etorriz Emakumeen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala onartzea.

BIGARRENA: Adierazpena jendaurrean, webgunean, iragarki-taulan eta Kuadrillaren bulegoetan ikusgai jartzea.

HIRUGARRENA: Ebazpen hau Gorbeialdeko Kuadrillaren Batzarrean aurkeztea egiten duen hurrengo bileran.

Erabaki hau osorik irakurrita, Gorbeialdeko Kuadrillako lehendakariak onartu egin du eta, nik, gerente-letraduak, hala dela ziurtatzen dut.

 

Murgian, 2019ko otsailaren 19an

[1] Emakumeok* terminoarekin, heteropatriarkatuaren zapalkuntzaren baitan dauden subjektuak izendatu nahi ditugu

Agenda

Fundacion Vital