LAIAplazara webgunea aktibatuta, Arabako emakumeen topagune birtuala konfinamendu denboran

Kuadrilletako berdintasun-teknikariek eta lurraldeko udalek, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, LAIAplazara proiektua jarri dute abian. Gune birtual horretan, Arabako emakumeek beren kezkak eta bizipenak partekatu ahal izango dituzte, elkarrekin konektatu ahal izango dira eta beren beharrei erantzun ahal izango diete COVID-19k eragindako konfinamenduaren testuinguruan. Eduki hori laiaplazara.eus estekaren bidez eskuratu ahal izango da.

Ekimenaren helburua da emakumeak beren etxeetatik plaza publikora modu birtualean irtetea eta isolamendu sozialaren uneari erantzun bat ematea; izan ere, zaila egiten da talde-harremanak izatea. Hori lortzeko, LAIAEskolak, Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak, azken urteotan sortutako sarea erabiltzen da. LAIAplazara espazio dinamikoa da, erabiltzeko erraza, erakargarria eta parte-hartzailea, interesa duten emakumeek beren ekarpenekin parte har dezaten eta edukiak zabal ditzaten. Foro ireki batekin hasiko da bere ibilbidea. Foro horretan, lehenengo galdera bat egingo da, emakumeak konfinamendu-egoera hori nola bizitzen ari diren jakiteko, bai eta sormen-adierazpenak partekatzeko gune bat eta galderen eta iradokizunen postontzi bat ere. Pixkanaka, beste baliabide batzuk jarriko dira martxan, hala nola liburutegi ireki bat, prestakuntza-espazioak eta emakumeak teknologia berrietan ahalduntzeko tresnak. Baita atal bat ere, baliabide sozial eta komunitarioekin, emakumeei koronabirus garaian lagundu ahal izateko; besteak beste, genero indarkeriaren biktimentzako arreta zerbitzuak. Webguneak, halaber, tresna hori erabiltzen duenak adierazten dituen kezken erantzunak jasoko ditu, pilula gisa, Youtubeko edukiak, landa-eremuko emakumeen ezagutzak, baliabideei buruzko informazioa edo agente feministek galdera zehatz horiei emandako erantzunak.

KONPROMISOTIK

Agenda

Fundacion Vital