-
Hemen zaude:
Gorbeialdeko Kuadrillak euskara plan berria du
Gorbeialdeko Kuadrillak euskara plan berria du
Irudian, Gorbeialdeko mintzalagun eta gurasolagunen topaketa bat.
Gorbeialdeko Kuadrillako batzarrak uztailaren 3an egindako bilkuran onartu zuen 2024-2032 epealdirako euskara plana. Hainbat berrikuntza dakartza, eta, horien artean, baita mezu indartsu bat ere: euskara dela gizarte ekitatibo bat lortzeko gakoetako bat.
“Gorbeialdeko hizkuntza-testuinguruan, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea eta handitzea, hiztun berriak sortuz eta erakarriz, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko helburuz.” Hala dio 2024-2032 epealdirako proposatutako euskara planaren helburu nagusiak. Batetik, gero eta zabalagoa den eta euskaraz bizi nahi duen Gorbeialdeko komunitatearengan jartzen du arreta, hiztunak aktibatzeko eta ahalduntzeko helburuarekin. Eta, bestetik, komunitate horren barruan sentitzen ez direnak erakartzeko estrategiak ere jasotzen ditu. Hiztun horiek, zaharrak eta berriak, askotariko adin, zaletasun eta bizimodua dutenak, baitira gizarte ekitatibo eta justu baterako bidea egingo dutenak.
Parte hartze prozesu baten emaitza da hori guztia: udalerriz udalerriko bileretatik hasi, Kuadrillako ordezkari politikoekin eta euskalgintzako eragileekin gai zehatzak landu, eta gizartea jomuga duten bestelako esparru eta zerbitzuekin (berdintasuna, ingurumena, ekonomiaren sustapena, kultura…) kontraste-lana egin ondoren finkatu dira bai planaren norabidea, eta baita planaren edukia ere.
Plan berriak, Gorbeialdean euskararen biziberritze-prozesuan orain arte egin izan den lana jasotzeaz gain, hainbat esparruri lehentasuna emango dio:
- Gobernantza eredua eta lidergoa: euskararen normalizazioa gizartearen eta agenda politikoaren erdigunera eramateko helburua da planaren ardatz nagusienetako bat. Horretarako, erakunde publikoen eta gizarte mugimenduen arteko harremana estutu, eta gobernantza ereduan sakontzeko proposamenak egiten dira.
- Ahalduntzea: euskaldunen komunitatea ahalduntzeko estrategia eta kanpainekin (Korrika, Euskaraldia, euskararen aldeko bilguneak…) bat egin eta ekimen horiek denboran iraunarazteko helburuak ere jarri dira.
- Aisia-kirola: lehentasuna eman zaio 16 urtetik behera Gorbeialdean aisiaren eta kirolaren esparruan dagoen eskaintzan hizkuntza-irizpideak txertatzeari. Adin horretatik beherako eskaintza osoa euskaraz izateko neurriak hartzea da helburu nagusienetako bat.
- Transmisioa: Gorbeialdeko familia-tipologiak sailkatu (bikote euskaldunak, bikote mixtoak, bikote erdaldunak…) eta familia horietan euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeko bideak ere zehazten ditu planak.
- Euskalduntzea: Gorbeialdeko AEKrekin batera, euskara ikasteko eskaintza hedatzea, moldatzea eta egokitzea jaso da helburu modura, eta baita udalek duten beka-sistema berrikustea ere, doakotasunera bidean.
Plana osorik ikusteko, egin klik hemen:
Gorbeialdeko Kuadrillako euskara plana. 2024-2032
Kuadrillaren EEP: berdintasun teknikaria. Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda ALHAOn argitaratzea
Mairuelegorreta LGEren Landa-Garapeneko Eskualdeko Programa (LGEP): INKESTA
Mairuelegorreta Landa Garapen ELkartea 2025-2030 Landa Garapenerako Eskualdeko Programa (LGP) definitzeko prozesuan mu...
Kuadrillaren EEPa: Berdintasun teknikariaren plaza. Azterketarako galdera-bateria
1. Atal orokorra. Galdera sorta Deskargatu hemen...