• Hemen zaude:

  • Inicio

  • Geologia eta mendi-erliebeak

Geologia eta mendi-erliebeak

Gorbeiako mendigunearen inguruan sortu zen eta garatu da eskualde hau.

Hain zuzen ere, eskualdekatze klasikoak berau hartu du irizpide legez EAEko 20 eskualde ofizialetako bat zehazteko: Estribaciones del Gorbea/Gorbeiako Inguruak. Hori horrela bada ere, Gorbeialdeako Koadrilak, bai ikuspegi fisikotik ikusita, bai sozio-ekonomikotik, interes handiko beste eszenatoki batzuk ere kontuan ditu.

Material kretazikoen

Lurralde honen zati handi baten eszenatoki geologikoaren ezaugarri nabarmenena material kretazikoen nagusitasuna da: hareharriak, buztinak, tupa edo margak eta kareharriak.

Mendebalde-Ekialde norabidean, Altubeko haranetik Elgeako mendizerraraino, kretazikoaren bigarren aldiko (duela 140 milioi urte) buztinezko eta hareharrizko zerro zabal bat luzatzen da . Beronen gainean sortu ziren inguruko ibai garrantzitsuenak, Ipar hegoalderantz haranak taxutuz.

Eskualdeko gunerik garaienak (1.000 m.tik gorako garaiera) gehienetan kareharrizkoak dira edota higa gaitzagoak diren beste haitz sedimentarioz osatuta daude. Gorbeiaren tontorraren inguruan, Aramaioko haranaren tontorretan eta Elgean dira gune garai hauek.

Eskualdearen hegoaldean, Gibijo deritzan mendizerratik Ullibarri-Ganboako urtegiraino, kretazikoaren bigarren aldiko (duela 100 milioi urte) marga eta kareharrizko zerro zabal bat dugu. Gune garai eta nabarmenki lauak gailentzen dira bertan, 800 m.-1000 m. inguruan (Gibijo, Badaia eta Arrato mendizerrak).

Mendi-erliebeak

Substratuaren ezaugarriek, tektonikoaren efektuek eta, bereziki, agente higatzaileek, interes handiko erliebe-formen mosaiko bat osatu dute.

Horrela, bada, eskualde hau zenbait erliebe unitatez dago osatua:

  • Mendizerra mendebaldarrak, Urkabustaizen, Zuiaren hegoaldean eta Zigoitiaren hegoaldean: Gibijo, Badaia eta Arratoko mendizerretan.
  • Kanpo antiklinorioa,Zuia, Zigoitia, Legutio, Aramaio eta Arratzua-Ubarrundiako toki gehienetan: Gorbeiako mendigunea, Arangioko mendizerra, Legutioko eta Elgeako mendiak. Altubeko eta Aramaioko haranak.
  • Hegoaldeko arroak: Zugoitia, Legutio eta Arratzua-Ubarrundiako hegoaldeko zerroan. Lautada arabarra.
  • Murgiako diapiroa:Zuiako erdialdean eta Urkabustaizen ekialdeko muturrean. Zuiako harana.

Topografia

Topografikoki, Gorbeiako mendigunea eskualdeko tokirik garaiena dugu (1.482 m), eta, ostera, biztanleria duen herririk baxuena Aramaioko Ibarra dugu, 310 metrora dagoelarik berau.

Tokirik garaienak (1.000 m.tik gorakoak) Gorbeian dira (Gorbeia: 1.482 m.; Arroriano: 1.343 m.; Berretin: 1.226 m.; Oketa: 1.031 m.; Nafakorta: 1.017 m.) eta Arangio/Urkiola mendizerran (Orixol: 1.129 m.; Santikurtz: 1.113 m.; Izpizte: 1.061 m.).

Hegoaldeko mendizerrak 800 eta 1.000 m. bitartekoak dira; Txobita (873 m.) Gibijon; Ganalto (900 m.) Badaian eta Oroko haitzak/Atxabal Zuiako haranean ber-bertan; Armikelo (888 m.) Arraton; Jarindo (896 m.) Legutioko mendietan; eta Usakoaitza (912 m.) Elgeako mendizerran.

Eskualde honen zati handi bat 500-800 metrora dago. Gehienetan haran txikietako sakonunetan edo azalera ireki handietan izaten dira, Lautada arabarren kasuan gertatzen den bezala. Altuera honetan izaten dira herri garrantzitsuenak: Izarra (631 m.), Murgia (618 m.), Gopegi (600 m.), Legutio (575 m.) eta Durana (541 m.).

Garaiera hauetatik beherantz (300 eta 500 m. bitartean) edertasun handiko bi haran berezi dira: Altubeko harana (335 m.) eta Aramaioko harana (301 m.)

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, toki hauetako askok eskaintzen dituzten interes geologiko, didaktiko eta astialdietarako puntu ugariak, besteak beste, Ibaizabalgo eta Goiuri-Ondonako urjauziak; Gibijo, Badaia eta Arratoko karstak; Mairuelegorretako haitzuloak, Oro/Atxabalko haitzak eta abar.

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital