• Hemen zaude:

  • Inicio

  • BUZTINGINTZA MARATOIA Gorbeialdean

BUZTINGINTZA MARATOIA Gorbeialdean

Euskal Buztingintza Museoak, Elosuko Ollerietan auzoan,Gorbeia hegoaldean dagoenak, bere XXV. urteurrena ospatuko du larunbatean, ehunka katilu 24 orduz jarraian egiteko erronkarekin

Gorbeia, 2018ko maiatzaren 15ean_ Desafioa datorren larunbatean, maiatzaren 19an, hasiko da, goizeko 10:00etan, eta hurrengo egunean, igandean, ordu berean amaituko da. Erronkan, Blanka Gomez de Segurarekin, arduradun eta zentroko alma materrarekin, hurrengo protagonista hauek ere hartuko dute parte: Ollerietako museoko bere ekipoko kideek, jakina; Gasteizko Arteen Eskolako boluntarioek eta EHUko Arte Ederretako fakultateko hainbat ikaslek. Txandaka ekingo diote tornuari, 24 orduz, ez dadin gelditu egunez eta ezta gauez ere, ahalik eta katilu gehien egiteko. Publikoak ere ikusi eta animatu ahal izango ditu: 24 ordu horietan museoa irekita egongo da, ate irekien egun eta gau berezi batean, nahi duenak bisitatzeko. Ikuskizuna streaming bidez zabalduko da mundu osora eta posible izango da zuzenean ikustea #Ollerias25 etiketa jarraituta. Modu horretan bat egingo dute maiatzaren 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunaren aurtengo leloarekin: ‘Hiperkonektatutako museoak: ikuspegi berriak, publiko berriak’. Era berean, #Ollerias25 etiketarekin lehiaketa bat jarri da martxan museoaren Facebook eta Twitterren bidez. 'Zenbat katilu egin ahalko ditugu 24 orduz?' galdera zabaltzen ari da eta zenbakia asmatzen duenak edo gehien hurbiltzen denak Ollerietan egindako kafe-ontzi joko bat irabaziko du.

Artisau eran egindako ogibidea

Euskal Buztingintza Museoak, Ollerietako antzinako eltzegintza-lantegi berritu batean kokatuta dagoenak, modu hain berezi horretan ospatuko du aurten XXV urte bete dituela. Eta horrela, era berean, gogoratuko ditu desagertutako Arabako buztinlariak, Jose Ortiz de Zarate kasu, Blankaren maisua zena eta orain dela 10 urte zendutakoa. “Maratoiaren bidez munduari erakutsiko diogu gure ogibidea, artisau eran egindakoa, gizateriak duen antzinakoenetako bat, bizi-bizirik dagoena”, adierazi du Gomez de Segurak. Museorako sarrera, beti bezala, doakoa izango da. Eta maratoian egindako katiluak publikoari eskainiko dizkiete, salneurri sinbolikoan, Buztingintza Kultura Zentro honek urtean zehar aurrera eramateko dituen XXV. urteurreneko ekintzak finantzatzeko.

+ Info: www.euskalzeramika.com

Agenda

Fundacion Vital