Flora eta Fauna

Gorbeialdeko Koadrilak mota askotako landareak eskaintzen ditu, denak interes botaniko, paisajistiko eta dibulgatibo handikoak.

Hain da hori horrela, ezen eskualde horretako azaleraren %30a Parke Naturalaren figura pean babestuta baitago (Gorbeiako eta Urkiolako Parke Naturalak). Ostera, Gibijo, Badaia, Arrato, Elgea eta urtegiak EAEko Espazio Garrantzitsuen Katalogoan daude sartuta.

Eguraldia, orografia eta gizakiaren jarduna erabakigarriak izan dira begetazioaren osaketa eta antolaketan.

Eguraldia

Lurralde honetako eguraldia, labur esanda, eguraldi hezea dugu, eta neguak freskoak eta udak epelak izaten dira.

Eskualdeko topografia bereziak ere (Gorbeia, Urkiola eta Elgea Iparraldean, eta bailara eremuak Hegoaldean) kontraste handiak eragin ditu eguraldi adierazleetan. Eremu menditsuetan (1.000 m.tik gora) izaten diren muturreko kondizioekin konparatuz, bailaretako eguraldia epelagoa eta hobea izaten da.

Leku garaienek prezipitazio handiak jasotzen dituzte urtean zehar (1.500 mm.tik gora) eta tenperatura goibehera handiak jasaten dituzte. Eguraldiaren hesia bailiran jokatzen dute Bizkaiko golkotik datozen haize hezeen aurrean. Elurra egitea gauza ohikoa izaten da, edertasun handiko ikuspegiak ikusteko aukera eskaintzen digutelarik.

Bailaretan (500m.tik 800 era bitartean) "hesi" efektua, Gorbeiarena, batik bat, nabarmena da, 1.300 mm.tik beherako prezipitazioekin eta urteko batez besteko tenperatura altuagoekin. Lurralde honen hegoaldean (Gibijo, Badaia eta Arratoko mendizerretan), eguraldia apurka-apurka ezaugarri mediterraniarrak hartuz doa, prezipitazio urriagoak eta tenperatura altuagoak izaten baitira. Landare meditaniarrak bertan hazteak ere argi erakusten du aipatu bilakaera hori: arteak, ametzak eta abar.

Zuhaitzak

Baso eta zuhaizti handietan, pagadia da azalera handiena okupatzen duena (%28). Pagadiak hainbat tokitan dira: Gibijon, Altubeko haranean, Gorbeian (hego mendebaldeko mendialdean eta Berretin, Pagazuri eta Oketako ospeletan), Oro eta Ganalto izenez ezagutzen diren tokietan, Legutio eta Arangioko mendietan.

Argitasun gutxiko tokiak bilatzen ditu eta toki lainotsuetan, ospeletan eta toki garaietan hazten da. Berari lagun egiten beti izaten dira gorostiak, elorriak, astigarrak, hurritzak, ahabiak....

Hariztiak Zuiako haranetik hasi, eta Gorbeiatik joanda (Txintxularratik Berretineraino) Legutioraino (Albertia) ikus ditzakegu. Hariztien azalera urriagoa da (%12), eta, batez ere, Urkabustaiz eta Zuiako haranetako sakostetan aurki ditzakegu, eta, izan ere, eurok omen dira, hain zuzen ere, Araba osoan ondoen zaindurik dauden hariztiak. Hariztiek hezetasun eta argitasun gehiago eskatzen dute, hotza hobeto jasaten dutelarik. Haritzei beti lagun egiten izaten dira hurritzak, sahatsak, lizarrak....

Proportzio bertsuan ditugu ameztiak eta zumelak ere. Batik bat, ospeletan izaten dira, eta hezetasun gutxiago eta tenperatura handiagoko inguruneetan izaten dira.

Amezti itzel handiak dira Gorbeiako hego ekialdean eta baita zumelak ere, Zigoitia, Legutio eta Arratzua-Ubarrundiako udalerrien hegoaldean. Arratoko mendizerran zumeldiak egoteak, horrexek erakusten du argien nola lurralde horretako eguraldiak geroz eta antzekotasun handiagoa duen mediterraneoko eguraldiarekin.

Koniferek, bere espezie guztiekin (radiata pinua da nagusi), lurralde honetako arboladiaren %31 osatzen dute. Aramaioko haranaren zati handi bat okupatzen dute, Legutio eta Gorbeian (Berretin). Arboladi hauek zur-erabilera intentsibokoak dira. Batik bat, basoen jabetza pribatua biziagoa eta sendoagoa den lekuetan garatu da, eta askoz gutxiago, Urkabustaiz edo Zuiakoen moduko herri-baso ohikoetan.

Landareak

Eta, azkenik, landare mosaiko hau Gibijotik Gorbeiara, 800 m.tik 1.480 m.ra bitartean, dagoen sasitza eremu handiek (txilardiak-otadiak) osatzen dute.

Toki lauagoetan (haranetako zelai-sakostak) ganaduarentzako belardi eta larre handiak izaten dira. Larre hauek ongarriketak, epaiteak, garbiketak, erein-aldaketak eta abarrak eginez zaintzen dira. Belardi hauek aipatzerakoan ezin ditzakegu ahaztu Gorbeiako alturako larreak.

Landare hauek guztiek euren barrualdean espezie askotako animaliak gordetzen dituzte, bertan eurei bizilekua eskainiz. Gauzak horrela, hauek balore ekologiko handiko ekosistema bat osatzen dute, bertan mota askotako hegazti, ornodun, anfibio eta ugaztunak bizi direlarik.

Fauna

Ugaztun handiak, Gorbeia, Gibijo, Badaia eta Urkiola inguruan bizi dira.

Aipagarrienetako bat oreina dugu, berau Gorbeiako inguru guztietan agertzen baita. Ez da arraroa izaten animaliak elkarren ondoan diren ingurune batetik bestera igarotzea.

Basurderik eta orkatzik ere bada inguruan (batez ere, Gibijo, Altube, Badaia eta Arraton), bai eta beste espezie txikiago batzuk ere, mendi-katuak, lepahoriak eta ipurtatsak Gorbeian eta Urkiolan. Interesgarria izan da benetan otsoek azken bolada honetan Gibijoko mendizerran izan duten ugaltzea.

Elgea, Urkiola eta Gorbeiako haitz-amilburuetan hegazti harrapariak bizi dira, besteak beste, zapelatz liztor-jaleak, belatz handiak, sai zuriak eta sai arruntak. Haranaren sakaneko hariztietan, ostera, arboladietako ohiko hegaztiak aurki ditzakegu, esaterako, martin-txoriak, ur-zozoak, okilak, aztoreak, urubiak, miruak, lertxoinak eta abar.

Urrunaga eta Ullibarri-Ganboako urtegiak ur-hegazti askorentzat negu-pasarako eta hazkuntzarako eta elikatzeko eremuak dira. Oso da aberatsa inguru hau, bai arrainetan, bai eta animalia urlehortarretan ere. Baias ibaiak ere, Urkabustaiz eta Zuia inguru horretan, garrantzi handia du, entzute handiko arrantza-esparrua delarik.

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital