Ondare kulturala

Herrien jai eta tradizioek zerikusi zuzena izaten dute beren bizi izateko modu, ingurune, baliabide eta abarrekin. Euskal Herriak, orain denbora asko baserri-herria zenak, hainbat eta hainbat tradizio garatu izan ditu historian zehar, eurotan mota askotako elementuak nahastuz; hizkuntza, erlijioa, musika, kantua, dantzak eta abar.

Izan ere, noiz sortuak diren ez dakigun elementu hauek guztiak gure lur honen ondare kulturalaren lekukorik hoberenak dira, eta euren berezitasun eta edertasuna mundu zabalean da ezagutua.

Hainbat tradizio galduta

Denboraren joanean, baserriari lotutako hainbat jarduera ekonomikoren desagerketarekin, eta gizartean, politikaren alorrean eta erlijio kontuetan gertatutako aldaketekin, kultura arloko tradizio eta adierazpide asko galdu egin dira.

Gorbeialdeko Koadrila ez da egoera honetatik at geratzen, eta asko dira eskualde honetan euren jaiak eta tradizoak berreskuratu eta zaindu nahi dituzten kolektiboak, gauza hauek guztiak bisitariarentzat benetako erreklamoa direlarik, are gehiago baliabide turistiko eta aisialdikoak bultzada handia izan dutenetik.

Herri kirolak

Herri kirolak baserriko eguneroko jardueretatik sortuak dira: epaiteak, aizkolaritza, arrastea eta abar. Jarduera hauek "lanez kanpoko" jarduera bilakatu ziren erronka eta apostuen testuinguru horretan, gerora herrian oso erroturik eta onespen handia izango zuten kirol bihurtuz. Izan ere, gaur egun oso ohikoa izaten da eskualdeko herrietako jaietan herri kirolen erakustaldi edota lehiak ikustea, eurotan beste leku batzuetako kirolariek edota bertakoek jolas-giroan parte hartzen dutelarik. Zigoitian lanean deutso talde batek, biziki gainera, mota honetako jarduerak ez galtzeko ahaleginak egiten.

Tradiziorik handiena duen eta jai guztietan -modalitate arabarrean- ikusten den herri kiroletako bat bolo-jokoa dugu. Herririk gehienetan dira bolatokiak. Eurotako asko estaliak daude eta gaur egun herrietako ia txoko guztietan ikus ditzakegu.

Euskal pilota ere tradizio handiko kirola dugu ingurune honetan. Ia udalburu guztiek dute estalitako frontoiren bat, eurotan pilotazaleen partidak jokatzen direlarik, bai jaiegunetan (pilotari profesionalak), bai pilotazale afizionatuen lehiaketak.

Musika eta dantza

Kirol mota hauekin batera, lurralde honetako eta Euskal Herriko ohiko beste ekitaldi batzuk ere izaten dira, hala nola, musika eta dantza. Trikitixa, Soinu Txikia (soinu diatonikoa), arrazkoa, alboka eta txistua ere oso erroturik daude inguru honetan, eta azaltzen dira eskualdeko jai eta erromeria guztietan. Aurreskua, ezpatadantza edota (Aramaion ohikoa den) txakolina bezalako dantzak ere ohikoak dira.

Eskualde honetan musika tresna hauek jotzen zituzten azken zaharren garaietatik egungo garaietara igaro gara, gaur egun musika tresna hauek bultzada handia izan dutelarik, batik bat, Aramaio, Legutio, Urkabustaiz eta Zuian sortuak diren musika eskolengatik, eta baita aipatu udaletako eta Zigoitiako dantza-taldeen lanagatik ere.

Euskara

Aipatu jarduera hauek guztietan amankomuna den elementu faltaezineko bat inguruko jatorrizko hizkuntza dugu, euskara, alegia. Eskualde honetan hizkuntza honek bizi izan duen biziberritzea eta hedapena, arestian aipatutako ekitaldi askoren bultzadarekin batera gertatu izan da. Gorbeialdeko Koadrilak Arabako lurraldeko euskaldunen portzentaiarik handiena du, eta euskarak lurralde historiko horretan duen azken gotorlekua dugu. Euskeraren ikuspegitik Aramaio eta Legutio dira aipagarrienak; %90eko euskaldungoa du lehenak, eta Legutiok, %40tik gorakoa. Gainera, portzentaia hauei eskualde osoan garrantzi handia hartu duten "ia-euskaldun"en portzentaiak gehitu behar zaizkie.

Bertsolaritza

Euskararen inguruan bizirik dirau Euskal Herriko kantu eta hitzen bidezko adierazpide berezi eta ederrenetako batek, bertsolaritza edota kantu bidez hitzetik hortzera egiten den artea. Bertsolaritzak bultzada handia jaso du Gorbeialdeko Koadrila osoan ikastaro, lehiaketa, erakustaldi eta abarren bidez, honetan ere Legutio eta Aramaio aipatu behar direlarik. Izan ere, hainbat dira euskera eskualde osoan bultzatu eta irakasteko burutu izan diren ekintzak, jardun honetan, besteak beste, bertako inguruko hezkuntza-taldeak, ikastolak eta eskualdean zehar euskararen alde antolatutako zenbait jai aipatu behar direlarik, batik bat, Zigoitian, Mairuelegorretako hartzuloetan, irailaren hasieran egin zen festa.

Jai herrikoiak

Eskualdeko ondasun etnografikoa osatzen duten folklore eta kirol agerbide hauek guztiak inguruko jai askotan dira ohikoak, baina, bereziki, jai herrikoi eta tradizio handikoetan dira ikusgai. Jai hauek, neurri handi batean, jatorri erabat erlijiosoa izaten dute eta herri bakoitzeko santuaren izenean ospatzen dira. Gaur egun, alderdi ludikoak gailendu egin du erlijiosoa jairik gehienetan, baina jai batzuk oraindik eutsi egiten diote sentipen eta gar erlijiosoari, horretarako, gurtza honen biziraupenaren bermagarri diren ehunurteko kofradien bultzadaz baliatuz.

Alde honetatik, jairik aipagarrienak ondorengoak ditugu: Oroko santutegiko erromeriak eta Zuiako Jugatxiko baselizan egiten direnak, eta Aramaion ospatzen diren Marixeka, Santikurtz, San Cristóbal eta Ibabeko Andra Marikoak.

Azokak

Azkenik, jai giro argian ospatzen diren beste ekitaldi eta ekimen garrantzitsu eta ospe handiko batzuk ere aipatu beharko genituzke, feriak eta azokak, alegia. Ekimen hauetan inguruko baserritarrak (nekazari eta abeltzainak) euron ekoizkinik onenak erakusten dituzte, haragia (ganadua), elaboratutako ekoizkinak (gazta, eztia, gozoak...), lurreko ekoizkinak (fruta, barazkiak...) eta eskulangintzako ekoizkinak; zurezkoak, keramikazkoak, loreak eta abar. Feria hauetan alderdi ludikoa alderdi komertzialarekin nahasirik agertzen da, bai eta erlijiosoarekin ere. Feria/Azoka garrantzitsuenak Aramaioko Ibarra, Izarra, Murgia eta Ondategikoak ditugu.

Tradizioa eta erlijioa

Festa hauez gainera, Gorbeialdeko Koadrilan oraindik bizirik diraute tradizio batzuek, eta eurotan nahasturik agertzen dira erlijiotasuna eta erritu paganoak, bere garaian, kristautasunak egokitu egin zituenak bertako herritarren artean zabaltzeko asmoz. Antzina, euskal herritarren mentalitatean bi urtaro baino ez ziren ezagutzen; uda, ugalkortasunaren aroa, eta negua, Lurraren paralisiaren aroa. Horrela, bada, jai garrantzitsuenak solstizioen inguruan ospatzen ziren. Kristautasunak tradizio hau bere egin zuen eta gaur egun Gabon jaian eta Donibane (San Juan) egunean ospatzen da. Bietan dira nabariak suaren erritua eta suteak.

Eskualdean oraindik tradizio batzuek bizirik diraute egun hauetan: Donibane (San Juan) bezperan zuhaitz bat landatzearena; sutea Donibane (San Juan) egunean egitearena, landare sortak bedeinkatzearena baserrietako ateak eurokin apaintzeko eta abar. Esaterako, erabat izaera erlijiosoko tradizioa dugu, errondan ateratzea egun horietako kantak kantzeko; Santa Ageda egunean, Eguen Gizenean, Olentzaro edo Ihauterietan. Tradizio hauek bizirik diraute, batez ere, udalburuetan.

Baina, zalantza barik, eskualdean oraindik ospatzen den tradizio erlijioso, herrikoi bisitatuena Sarriako Gabonetako Segizioa dugu. Ospakizun hau hainbat ekitaldik osatzen dute (deia, eskaintza, gurtza...), eta hau guztia Zuiako haraneko herritarrek intrepretaturiko kantu eta dantzez lagundua.

Mitologia eta legendak

Mitologiak eta legendek ere garrantzi handia dute eskualde honetako kultura ondarean. Gizakiaren eta naturaren arteko harremana betidanik egon izan da markaturik naturaren aldeko desoreka batez. Hau guztia hainbat izaki mitologikotan pertsonifikatu izan da, gaur egun Koadrilaren legenden zati bat delarik.

Euskal Herriko mitoak Koadrilaren sineskizunetan azaltzen zaizkigu, batik bat, Marirena. Mari lurraren ugalkortasunaz eta fenomeno naturalekin erlazionaturik dagoen jainkosa dugu. Mito hau oso errotua dago, bai Legutio eta Aramaio inguruetan, bai Anbotoko mendiaren ondoan, legendan esaten denez, bertako hartzulo batean omen zuen bizilekua-eta.

Lamien mitoa ere oso zabaldua da eskualde osoan. Izaki hauek emeak eta musu polit eta iletza luzedunak dira. Bertako toponimo askok ageriko uzten du euron izatea: lamiturri, laminatxe, lamine, lamiojin eta abar.

Sorginak pertsonaia klasikoak dira tokiko mitologian. Toki batzuetan, esaten da, bertako sorginak akelarretan biltzen zirela, esaterako, Abadelauetan (Zigoitia), Ametzolan (Aramaio), Ametzagan (Zuia).... Jendeak dioenez, sorginak botere berezia omen zuten lagun urkoei kalte egiteko. Udaberrian eta udazkenean Anbototik Gorbeiara igarotzen omen ziren sorginak, baina basoan horrenbeste baseliza eraikitzeak sorginak desagertzea ekarri omen du.

Eskualde honetako beste izaki mitiko batzuk deabrutxoak dira: Jeinu txikiak dira batzutan (Urkabustaiz, Aramaio...), mauruak beste batzutan (Mairuelegorreta, Mairubide), Piztia (Tartalo) beste toki batzutan. Begi bakarra zuen izaki honek pertsonak jaten omen zituen (Domaikia-Zuia).

Izaki hauen inguruan legenda asko sortu izan da tokiko biztanleen artean. Ordea, badira beste asko eta asko, berariz jatorri mitologikorik ez izanagatik, belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan direnak. Eurotatik ezagunenetariko bat, esaterako, Mairuelegorretako hartzuloetan eta Oketa mendian gerra karlistetan dirudienez gorderik izan ziren urrezko altxorrei buruzkoa dugu, edota Lukianoko La Encontradaz mintzo dena, Nafarroako Blancaren eta bere neba Carlos printzipearen arteko agiango elkartze batez diharduena edota Giliernako txibogorriarena edota Muruako Landaburuako neskatilarena eta abar.

Lurralde honetako herri guztiek herriko jai ikusgarriak ospatzen dituzte, gau-festa, kirol eta kultura jarduera eta pasakaileekin (begiratu festen egutegian ).

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital