Baliabide sozioekonomikoak

Lurralde honen natur ingurune zoragarri hau, gaur egun kirolgune eta aisialdi eta atsedenleku duguna, baliabide ekonomikoen iturburu berebizikoa da bertako biztanleentzat.

Aipatu ingurune hau erabakiorra izan da, izan ere, Gorbeialdeko Koadrilako jarduera ekonomiko gehientsuenak berau kontuan izanik eta berorren inguruan zehaztu eta egituratu baitira, belaunaldi askotan zehar ingurune honetako biztanleak natur baliabideez baliatu izan dira-eta. Honek guztiak tradizio handiko eta sakontasun handiz finkatutako biziera bat, bizi izateko modu bat, zehaztu du, eskualde honi izaera berezia emanez.

Joera ekonomiko eta lurraren erabilera berriek jarduera ekonomiko ohikoetako batzuk aldaraztea ekarri badute ere, Gorbeialdeko Koadrilan oraindik ere bizirik diraute balore ekonomiko hutsaz harago doazen zenbait bizi izateko modu, berauek, atsedenari eta astialdiari dagokienez, interes handikoak direlarik, gastronomia, jaiak eta tradizioak, ondare kultural eta artistiko eta abar alderdiri zuzenki lotuta egotean.

Nekazaritza sektorea nagusi

Bertako biztanleek naturarekiko harremanetan erakutsi duten baliabideen erabilera eta ustiatze-modua beti izan da begirapentsua eta orekatua, eta horri esker beraien ondorengoek ere aipatu baliabideez gozatzeko aukera izan dugu eta izango dugu aurrerantzean ere. Hori horrela izan ez balitz, orain ez genuke dugun natur ingurune pribilegiaturik izango.

Testuinguru honetan, Gorbeialdeko Koadrilako jarduera ekonomiko garrantzitsuena nekazaritza sektorea dugu. Gaur egun sektore honetan biztanle landunen %15a soilik lanean ari den arren, jarduera honek lurraldean duen garrantzia eta eragina funtsezkoak dira, batik bat, denboraren joanean, paisaje erakargarri batez gozatzea eskaini digulako, bertan ezaugarri ordezkagarri eta ezagunena euskal baserria dugularik.

Abelazkuntza eta gaztagintza

Azpisektoreka abelazkuntza dugu aipagarriena, eta oso modu berezian, ardizaintza, oso hedatua dagoena, batik bat, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuian.

Izarran "Idiazabal" jatorri-izena duen ospe handiko gaztandegi bat dugu, egia da, baserri askotan, mota bereko gazta modu artisauago batean egiten dena baina. Legutio eta Aramaion esne-behiak dira ugarienak, ostera, eskualde osoan gora egin duena okelako behi eta zaldi buruen kopurua izan da.

Eztigintza

Hobby legez, geroz eta modu profesionalizatuagoan baina, erlezaintza dugu indarra hartuz doana, Gorbeiako bertako ezti ekoizpenak bultzada handia izan duelarik. Eztigintza, batez ere, Zigoitia eta Zuian garatu da (Murgian Eztiaren Museoa dugu).

Basoak, egoera onean

Inguruko basoak ondasun preziatuak ditugunez, maitasun handiz zaindu izan dira, eta horri esker gaur egun kontserbazio-egoera ezinhobean diraute. Aipatu mendirik gehienak herribasoak dira, eta komunitatea izan da euron erabilera araupetu duena, arau zehatzekin, eurok zaintzeko helburuarekin. Legutio eta Aramaion baso ustiapena biziagoa izan da, jatorrizko harizti eta pagadien ordez koniferak landatu direlarik.

Nekazaritza, barrualdeko udalerrietan

Nekazaritza, batez ere, Lautada Arabarraren barrualdeko udalerrietan garatzen da: Zigoitia eta Arratzua-Ubarrundia. Topografia lauak, baita eguraldiak ere, zereal, patata eta erromalatxaren hazkuntza bultzatu du. Gainerako udalerrietan, nekazaritza lanak larreak zaindu eta jagotzekoak izan dira, beti ere abelburuak elikatzeko erabili direlarik. Eskualde honetan bizirik dirau oraindik baserrien baratzeko tradizioak. Eskaintzen diren ekoizkinak oso onak dira, nahi duenak bertako feria edota azoketan eros ditzakeelarik.

Festa eta azoketan ikusgai lanak

Jarduera horiek hainbat lan eta tradizio asko sortarazten dute, batik bat, baserrien ekonomiari dagokionean, bertako biztanle eta bisitariengan erakargarritasun handia sortaraziz: abereen eta artesautzazko azokak, ekoizkin tradizionalak (gazta, eztia, odolosteak eta abar), herri eskulangintza (keramika, otzaragintza, zurgintza eta abar), herri kirolak eta abar. Hau guztia ikusgai izaten da Gorbeialdeko Koadrilako herrietan urtean zehar ospatzen diran festa eta herri azoketan.

Arkitektura ugaria

Era berean, arkitekturak baliabideen ustiapenarekin lotuta dauden elementuak eskaintzen ditu, gaur egun asko erabiltzen ez direnak, baina balore etnografiko eta historiko handia dutenak: errotak, zubiak, burdinolak, zentral elektrikoak, iturriak, baserriak...

Zerbitzu sektorearen hazkundea

Zerbitzu sektorea izan da eskualdean hazkunde handiena jasan duena. Gaur egun, Gorbeialdeko Koadrila osatzen duten udalerri guztietan, biztanle landunen %45ak edo gehiagok sektore honetan dihardu lanean. Sektore turistikoaren sustatzaileak, batik bat, Gorbeiako eta Urkiolako parkeekin lotua dagoenak, jatetxe, ostatu, atseden leku, horniketa abar motatako zerbitzu jarduera garrantzitsuak sortarazi ditu.

Zerbitzu gehienak Durana, Gopegi, Ibarra, Izarra, Legutio eta Murgiako udal-buruetan ditugu, baina herri txikietan ere bada landabaserririk, hotelik, jatetxerik eta abarrik.... Alde honetatik geroz eta garrantzi handiagoa dute zerbitzu turistiko eta astialdikoek: urtegietako klub nautikoek, Zuiako eta Legutioko golf zelaiak, zentro hipikoak Zigoitian, museoak Izarra, Murgia eta Olleriasen (Legutio) eta abarretan.

Industrialde txikiak

Industria jarduna industrialde txikietan dago bilduta (Altube/Murgia, Durana, Etxabarri-Ibiña, Goiain eta Izarra). Hauek erraztasun handiak eskaintzen dizkiete enpresei bertan ezar daitezen. Aramaio, Legutio eta Arratzua-Ubarrundia dira, gune industrial handiengandik (Vitoria-Gasteiz eta Mondragón/Arrasate) oso hurbil izateagatik, sektore honetan biztanlerik gehien dituzten udalerriak.

Agenda

Fundacion Vital